2012ko martxoaren 11a Garizumako 3. Igandea B
Joan, 2, 13-25
Hurbil zen juduen Pazko Jaia, eta Jerusalemera joan zen Jesus. Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru‑trukalariak ere bai, han eserita. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak, bai eta ardiak eta idiak ere; eta trukalarien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituen. Uso‑saltzaileei esan zien: “Kendu hemendik hau guztia. Ez egin nire Aitaren etxea merkatu‑etxe”.
Ikasleei, Liburu Santuak dioena etorri zitzaien gogora: Zure tenpluaren maiteminak erreko nau.
Orduan, galdetu zioten judu‑agintariek: ‑Zer seinale ematen diguzu hori egiteko aginpidea duzula frogatzeko?
Jesusek erantzun zien: ‑Desegizue tenplu hau eta hiru egunetan berreraikiko dut.
Juduek ihardetsi zioten: ‑Berrogeita sei urte behar izan dira tenplu hau eraikitzeko, eta zuk hiru egunetan berreraikiko duzula?
Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Horregatik, hilen artetik piztu zenean, esandako hori gogoratu zitzaien haren ikasleei, eta sinetsi egin zuten Liburu Santuko eta Jesusek esandako hitza.
Pazko Jaian Jesus Jerusalemen zegoela, askok sinetsi zuten harengan, egiten zituen mirarizko seinaleak ikusirik. Baina, Jesus bera ez zen fidatzen haietaz, guztiak ezagutzen baitzituen, eta ez zuen inoren aitorpen‑beharrik, ongi ezagutzen baitzuen berak gizakiaren baitan dagoena.
JESUSEN HASARREA
Jose Antonio Pagola
Ikasleak lagun dituela, Jesus Jerusalemera igo da lehenengoz, Pazko-jaiak ospatzera. Tenpluaren ingurura iristean, ezusteko baten aurrean gertatu da. Idi, ardi eta uso-saltzaileak ari dira erromesei animaliak eskaintzen, Jainkoaren ohorez opari egiteko behar dituztenak. Baita diru-trukatzaileak ere, beren mahaian eseririk, apaizek onartzen duten moneta ofizial bakarraren eta moneta paganoaren kanbioarekin trafikatzen.
Sutan jarri da Jesus. Kontalariak era grafikoan adierazi du Jesusen erreakzio hori: zigor batez leku sakratutik kanpora bota ditu animaliak, trukatzaileen mahaiak irauli ditu monetak lurrera botaz, eta oihuka esan du: «Ez bihurtu merkatu ene Aitaren etxea».
Arrotz sentitu da Jesus leku hartan. Bere begiz ikusi duenak ez du ezer ikustekorik Aitari eman beharreko egiazko kultuarekin. Tenpluko erlijioa negozio bihurtu dute, zeinetan apaizek sarrera ona bilatzen baitute eta erromesek Jainkoa «erosi» nahi baitute beren eskaintzekin. Jesusi, segur aski, Oseas profetaren hitzak etorri zaizkio gogora, bere bizitzan behin eta berriz errepikatu dituenak: «Hona zer dioen Jainkoak: Maitasuna nahi dut nik eta ez opariak».
Tenplu hura ez da Jainko Aitaren etxea, guztiak anai-arreba bezala biltzen diren etxea. Jesusek ezin ikusi du han bere jarraitzaileekin eratuz joan nahi duen «Jainkoaren familia». Hura ez da merkatua baizik, non bakoitzak bere negozioa egin nahi baitu.
Ez pentsa Jesus erlijio primitibo bat, gutxi garatua, kondenatzen ari denik. Sakonagoa da haren kritika. Jainkoa ezin izan da probetxuz eta egoismoz ehotako erlijio baten babesle eta estaltzaile. Aita da Jainkoa, eta eman dakiokeen kultu bakarra, giza elkartea solidarioago eta haurrideago egiten saiatzen den hura da.
Kasik konturatu gabe, guztiok bihur gaitezke gaur egun «saltzaile eta trukatzaile», nork bere probetxua bilatuz baizik bizitzen ez dakigula. Mundua merkatu handi bihurtzen ari gara, non erostea eta saltzea baita arazo guztia; Jainkoaren Misterioaren erlazioa bera ere merkatu-ikuspegiz bizitzeko arriskua dugu.
Guztiok «Aitaren etxean» gaudela sentitzeko moduko gune bihurtu behar ditugu geure kristau-elkarteak. Etxe onargarri eta beroa, inori ateak ixten ez dizkiona, inor baztertzen eta bereizten ez duena. Etxe bat, non Jainkoaren seme-alabarik ezinduenaren sufrimenduari entzuten ikasten baitu, eta ez norberaren probetxua bakarrik. Etxe bat, non Aitari bezala deitzen ahal baitiogu Jainkoari, haren seme-alaba garela sentitzen dugulako eta anai-arreba bezala bizitzen saiatzen garelako.
Lagundu Aitaren Etxea eraikitzen. Bidali hau.
PARROQUIA DE SAN VICENTE MÁRTIR. UNIDAD PASTORAL ABAND-O-ALBIA. PASTORAL BARRUTIA. BILBAO. Tfno. 94 423 12 96. Web: http://sanvicentemartirdeabando.org