2012ko martxoaren 18a Garizumako 4. Igandea B
Joan 3,14-21
Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
“Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik. Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan. Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako. Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin. Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin”.
GURUTZILTZATUARI BEGIRA
Jose Antonio Pagola
Jesusek Nikodemo izeneko fariseu sonatu batekin izan duen topo egite berezia kontatu digu Joan ebanjelariak. Kontakizunaren arabera, Nikodemorena izan da ekimena: «gauez» Jesusengana joan da. Sumatu du «Jainkoagandik etorritako gizona» dela Jesus; baina ilunpean dabil. Argira bideratuko du Jesusek.
Jesus benetan aurkitu duen oro ordezkatzen du Nikodemok kontakizun honetan. Horregatik, halako batean, Nikodemo ezkutatu egin da pasadizotik eta bere hitzaldia jarraitu du Jesusek, mundu guztia gonbidatuz, ilunpean bizi ez dadin, baizik eta argi bila ibil dadin.
Jesusen arabera, gauza guztiak argitu ditzakeen argia Gurutziltzatuagan dago. Ausarta da baieztapena: «Hartaraino maite du Jainkoak mundua, non bere Semea eman baitu, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan». Sumatzen eta sentitzen ahal dugu Jainkoaren maitasuna gurutzean torturatu duten gizon horrengan?
Haurtzarotik gurutzea nonahi ikusten ohiturik, ez dugu ikasi Gurutziltzatuaren aurpegiari fedez eta maitasunez begiratzen. Gure begiratu zabarra ez da gai aurpegi horretan argia ikusteko: momenturik latzenetan eta zailenetan gure bizitza argitzen ahal lukeen argia ikusteko.
Alabaina, bizi- eta maitasun-seinaleak bidaltzen ari zaigu Jesus gurutzetik. Jada haurrak ezin besarkatu dituzten beso luzatu horietan, eta lepradunak ezin ferekatu, gaixoak ezin bedeinkatu dituzten esku iltzatu horietan, Jainkoa dago, besoak zabalik, gure bizitza pobre hau, hainbat sufrimenduk hautsia den hau, onartzeko, besarkatzeko eta sostengatzeko prest.
Heriotzak itzali duen aurpegi horretatik, bekatariei eta prostitutei jada txeraz ezin begiratu dien begi horietatik, hainbat abusu eta injustiziaren biktima direnei bere haserrea jada ezin agertu dien aho horretatik, gizadiari dion bere «maitasun zoroa» agertzen ari zaigu Jainkoa.
«Jainkoak ez du bidali mundura bere Semea mundua juzgatzeko, baizik Semearen bidez mundua salba dadin». Jainko hori onar dezakegu nahiz zapuztu. Ez gaitu inork behartzen. Geurea dugu erabakia. Baina «Argia etorria da jada mundura». Zergatik zapuzten dugu hainbatetan Gurutziltzatuagandik datorkigun argia?
Hark jar lezake argia bizitzarik zoritxarrenekoan edo porrotik handienekoan; baina «okerra dagiena… ez da hurbiltzen argira, bere egintzek akusa ez dezaten». Duintasun eskasez bizi garenean, argiari ihes egiten diogu, Jainkoaren aurrean gaizki sentitzen garelako. Ez dugu jarraitu nahi izaten Gurutziltzatuari begira. Alderantziz, «egia egiten duena, argira hurbiltzen da». Ez du ilunera ihes egiten. Ez du ezer ezkutatzekorik. Gurutziltzatuari begira nola egongo dabil. Eta argian bizi ahal izatea ematen dio hark.
Zabaldu Gurutziltzatuaren argia. Bidali hau.
PARROQUIA DE SAN VICENTE MÁRTIR. UNIDAD PASTORAL ABAND-O-ALBIA. PASTORAL BARRUTIA. BILBAO. Tfno. 94 423 12 96. Web: http://sanvicentemartirdeabando.org